Gure proiektuaren helburua
euskal gazte literaturako idazleek emakumeetaz ematen duten irudia aztertzea
da. Horretarako lau eleberri ezberdin hautatu ditugu hainbaten artean. Liburu
horiek aukeratu izan baditugu, emakumeak modu ezberdinean irudikatuta agertzen
direlako da. Nobela horiek Jasone Osororen Jara
eta Greta, Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana eta Alberto
Ladron Aranaren Ahaztuen mendekua dira.
Eleberri hauen azterketa
egiteko metodologia bera jarraituko dugu liburu bakoitzeko. Lehendabizi
istorioen laburpen txiki bat egingo dugu, kasu bakoitzean testuinguru egokian
kokatzeko, ondoren Genero Azterbideak irakasgaian ikasitako kontzeptuekin
alderatzeko.
Azkenik, liburu bakoitzari
buruz esandakoa kontuan hartuta, proiektuaren ondorio nagusiak aterako ditugu,
emakumeen irudikapena ikuspuntu orokorrago batetik ikusteko.
Lana egiteko, ezin dugu
ahaztu R.W. Connellek idatzitako La
organización social de la masculinidad atala, izan ere ondorio nagusietan,
aukeratutako eleberrietan emandako emakumeen irudiarekin alderatuko dugu.
Egungo literaturan zirriborraturik dagoen emakume gaztearen profila ikus dezakegu Jara liburuan. Protagonista, Jara, hamahiru urteko neska nerabea da. Liburuan zirriborratzen den profila egungo gazteekin bat datorrela esan daiteke. Emakumearen gorputzari buruz hitz egiten da, bai eta orain arte literaturak hain gutxi jaso duen beste ezaugarri natural batez: hilekoa. Protagonistak bere gorputzak izaten dituen aldaketaz eta erabakiak bere kabuz hartzeaz gogoetak egiten ditu.
Ispiluaren aurrean jarri zen, goitik behera biluzik. Oraindik ere, berea gehiago zen neskatila baten gorputza emakume baten baino, baina hasi zitzaion gerria estutzen, eta mokorra zabaltzen. Biloa ere bazuen hanketan. “Gitarra bat” pentsatu zuen [...] Lorcak emakumeen gorputza gitarra baten modukoa zela esaten zuen. Ispiluaren aurrean, estreinakoz iruditu zitzaion bereak ere gitarra baten geroz eta antz handiagoa zuela. (2006: 26).
Kuleroak gorriz tindatuak zituen Jarak [...] Hamahiru urte bete berriak zituen. Estreinako musuekin amets egiten hasia zen. Eta gerezien zukua zirudien zipriztin hark gauza bakarra izan behar zuen: hilekoa. (2006: 7).
Emakume bat zela sentitzen zuen [...] ez zuen oso ondo ulertzen zergatik, inori azaltzekotan ere hitzik ez zitzaion aterako, baina bera, Jara, berezia sentitzen zen. Erabakia hartzeko ordua iritsi zitzaiola uste zuen. Amaren gonapetik alde egiteko saioa zuen, gurasoen erretolika entzun, baina berak bere kabuz eman behar zituen pausoak, nahiz eta bidean behin baino gehiagotan erratuko zela bazekien. (2006: 58-59).
Alberto Ladron Arana nafarrak idatzitako “Ahaztuen mendekua” liburuan, asko sufritutako emakumea deskribatzen du. Ana Urdirotz, abokatu lanetan dabilen emakume zorrotz bat bezala azaltzen zaigu, beti nahi izan duen guztia eskuratu ahal izan duen pertsona bat bezala.
Idazleak gizonaren papera ematen dio protagonista honi, orain arteko emakumearen estereotipoak eta gizarte patriarkalak emandako “arauak” hautsiz, izan ere, egiten duen lanari esker etxera dirua ekartzen duena bera da. Ezaugarri horiez gain, oso pertsonai mendekatia bihurtuko da istorioan zehar, bere senar Oskarrek beste gizon batekin engainatzen duela konturatzean.
Albertok gazteei emakumeak ikusteko beste ikuspegi bat ematen die, emakume gogor eta langile baten irudia eskainiz. Ondorioz, komunikabideek, liburuek etab. orain arte emandako irudia aldatuz, emakumeak alteritate izatetik aldenduz, hau da, objektu izateari utzi eta gizonek bezala subjektu izan daitezkeela erakutsiz, Simone de Beauvoir filosofoak bere Bigarren Sexua liburuan idatzitakoaren aurkakoa irudikatuz, hain zuzen ere. (Beauvoir, 2005) Hala, idazle nafarrak generoek izatez duten paperekin jolasten du, emakumea gizonaren lekuan jarriz, eta alderantziz. Horrela, orain arte gizartean eman diren aldaketei egiten die erreferentzia, bilatzen ari den berdintasuna literaturan ere bilatuz.
Greta liburuak gizon baten, emakume baten eta maniki baten arteko amodiozko hirukia kontatzen digu. Liburua hiru zatitan banatuta dago eta nahiko kuriosoa da hiru pertsonaien ikuspegietatik kontatzen digulako istorioa. Lehendabizi gizonaren ikuspuntutik, ondoren manikiaren ikuspuntutik eta azkenik emakume errealaren ikuspuntutik. Guk gizonaren ikuspunututik kontatutakoa aztertuko dugu.
Gizonak badaki benetako emakumea zein den eta manikia objektua baino ez dela, baina hala ere manikiarekin obsesionatuta dago, izan ere istorioa bere emaztegaiaren ultimatum batekin hasten da, edo manikia edo bera.
Argi dago hasiera hasieratik emakumea alteritate egoeran ageri dela, izan ere gizonak emztegaia eta manikia maila berean ipintzen ditu uneoro. Egia da gizonak manikia egiazko bezala ikusten duela eta ez emakumea objektu bezala, baina garbi dago garrantzi bera hartzen dutela biek istorio osoan zehar. Aurreko kasuan bezala Simon de Beauvoir filosofoaren Bigarren Sexua liburuak esaten duena berton ikus dezakegu irudkatuta. (Beauvoir, 2005)
Istorio osoan paragraforik errepresentagarriena ondorengoa dela uste dut, izan ere protagonistak bai emakumearen, bai manikiaren bertute eta gabeziak azaleratzen ditu, maila berean jarriz:
"Greta ederra zen. Perfektua, ia perfektua. Ana ere bai. Gretaren azala hotza zen, leuna. Ana beltzarana zen. Gretak izter gogorrak zituen, plastikoarekin egindako artelan polita. Anak belaun beteak zituen, haragi mamitsua, erditu den emakume baten bularrak zituen, oparoak. (…) Gretak entzuten zekien. Anak bazekien hitz egiten. Greta konpainia zen. Ana maitalea nuen." (2003:15).
Anjel Lertxundiren “Zoaz infernara laztana” Tratu txarrei buruzko liburua da, non Rosaren, 25 urteko emakume gazte baten bizitzaren pasarteak kontatzen dira. Rosa, bera baino zaharragoa den gizon batekin ezkonduta dago, Tomasekin. Taberna eta gasolindegi baten jabeak dira eta bertan lanean pasatzen dute bizitza. Rosaren amaginarrebak alzheimerra izaten hasten denean eta gaixotzen denean, Tomas eta Rosaren arteko arazoak hasten dira eta Tomas Rosa iraintzen eta jotzen hasten da. Orduz geroztik, Rosak bere senarrak nahi duen guztia egiten du, hau da, pozik mantentzen saiatzen da, beldurrez bizi delako. Borroka bakoitzaren ostean, Tomasek sexuarekin eta barkamena eskatuz konpontzen saiatzen ditu gauzak, baina Rosa beldurturik bizi da eta bere maitale Inaziori esker, Tomasekin bukatzeko indarra lortzen saiatzen da.
Liburu errealistak eta bizitzaren arazoekin lotuta dauden liburuetariko bat da hau. Generoko elementuak erabiltzeaz gainera, nobela beltzaren elementuak, intrigarenak batez ere agertzen dira.
Gehienetan, botere harreman bihurtzen dira harreman horiek, eta gaur egungo edozein egunkari hartzea nahikoa da ikusteko ez dela gutxitan gertatzen boteretsuenak bere boterea baliatzea ahulena umiliatzeko eta tratu txarren bidez otzantzeko. honekin batera, Aitakeriazko dominazioa ikusi dezakegu, non Rosa, Tomasekin jarraitzen du lana eta dirua ematen diolako. Hau da, sumioa lana eta mantenuaren truke. Hala ere, Rosak babesa bilatzen du bere maitalearengan, askatasuna eta postazuna aurkitzeko asmoz.
“…Tomasek, besoa jasorik zaplastekoa ematen dio Rosari aurpegi betean. Handiak izan dira golpea eta hotsa. Rosa, durduzatuta, erdi erortzen da lurrera. Ahoa zabal zabalik dauka, arnasa laburtu zaiola dirudi. Barruari buelta eman ezinez, ez du ohiu egiteko ere indarrik…” (Lertxundi, 2009: 23).
Emandako adibideetan ikusi dugun moduan, egungo gazte literaturan emakume patroi anitzak ematen dira, zeinek gazteriari emakumearen nortasun eta pluralitateaz ohartarazten laguntzen duten; baldin eta lan hauek komentatzeko jarrera kritiko eta kondenatzailea hartzen bada. Liburu hauen bitartez hezkidetza prozesu kritikoa bultza dezakegu, non euskal gazte eta nerabeak feminitatean eta berdintasunean oinarritutako baloreetan haz daitezen, eredu tradizionalistak alde batera utzita. R. W. Connellek aipatu moduan (Connell, 1997: 31), "[...] una persona no-masculina se comportaría diferentemente: sería pacífica en lugar de violenta, conciliatoria en lugar de dominante, casi incapaz de dar un puntapié a una pelota de fútbol, indiferente en la conquista sexual y así sucesivamente.”



